XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lapuebla de Labarkako soroak aro ona behar du

JOAN den asteazkenean, Joseba Aginagaldek, Arabako Ikastolen Elkarteko idazkariak, Errioxako ikastolek egindako lan miresgarria nabarmendu zuen.

Bertako euskaltzaleek euskara indartzeko egunez egun egiten duten ahaleginek horrela merezi baitute.

Bada garaia errioxarrak hobeto ezagutzeko, nik uste.

Ardo goxoaz gain, errioxarrek badituzte gauza batzuk nabaritzeko modukoak.

Baina ahaleginak, eginahalak eta saioak Errioxa aldean ezezik, Arabako beste lurralde batzuetan ere egiten ari dira.

1981etik 1991ra, euskaldunen eta ia-euskaldunen ehunekoak gora egin du izugarri (%137 eta %125 hurrenez hurren).

Honako gorakada hauek urte askotako fruituak dira.

Fruituak ez dira berez etortzen.

Lan eskergaren emaitzak izaten dira beti, euskaltzale askoren lan eskerga hain zuzen ere.

Eta Araban lan hori ez da atzo goizekoa, jakina.

Joseba Intxaustik idatzitako Euskara Araban liburuxkak jasotzen duenez, XVIII. mendeko arabar eskolatuek -aurreko mendeetakoek baino areago- kezkati begiratzen zuten euskararen atzerakada bizia.

Arabar horiek (Ulibarri, Mendibil, Prestamero, Kardaberaz, Landazuri, besteak beste) euskara eskolan sartzeko eskatu zuten behin eta berriz, etsi gabe.

XIX. mendean ere ez ziren gutxi izan euskararen egoera larriaz arduratu zirenak (M. B. de Moraza, R. Ortiz de Zarate, F. Herran, F. Baraibar...).

Joseba Intxaustik dioenez, eragile hauei esker, euskararen aldeko ekimen berriak sortu ziren Araban, eta baita talde euskaltzaleak ere, egitarau iraunkorragoak sustatu eta gidatzeko.

1913ko maiatzaren 31ean, Arabarra aldizkarian Anporra euskaltzaleak azaldu zuen euskaltzale arabarrek zer nolako jarrera erakutsi behar zuten euskararekiko: Euskara maite behar dogu, ba, ez ele ederra, zarr zarra, onako Paleontologia'ko gauzaren bat balitz lez, gure odolaren elia dalako baño.

(...) Euzkera galdu ezketiño, orok dakigu zer datorren atzetik..., mekak...

(...) Zabaldu dagigun ba euzkera Araba guztitik, auxe dalako gure abendiaren agergairik agirijena eta garbijena....

Gerraurreko denboran, Arabako euskalgintzak urte ezin hobeak bizi zituen: Luis de Eleizalde Euskal-Esnale aldizkariaz arduratu zen Gasteizen.

Aldizkaria Pio Larrañagaren liburudendan saltzen zen; 1928an Gasteizko euskaltzale batzuk Baraibar Taldea sortu zuten Eusko Ikaskuntzaren barruan; F. Belaustegigoitiak, Aita Olabidek eta Odon Apraizek (baita gerraondoan ere) lan oparoa egin zuten arlo desberdinetan.

Euskaltzale arabatarren lana (baita Umandi zenarena ere, jakina), ez da alferrikakoa izan.

Egun arabar askok euskarari eta euskaltzaletasunari eusten diete.

Arabako Errioxako euskaltzaleen lana apala bezain gogorra da.

Beharbada ez du beste batzurena oihartzun adina, baina ez du, horregatik, goraipamen gutxiago merezi.

Dena den, txaloak, gorespenak eta laudorioak ez dira nahiko.

Errioxako ikastolak ezin dira haiekin bakarrik elikatu.

Egun, gehienbat gurasoen eta Vital Kutxaren laguntzari esker bizi dira.

Baina beste era bateko laguntza ere behar dute, Euskal Herriko euskaltzale guztiona nahiz erakundeena alegia.

Koldo Agirrek, Mikelats, honako hau idatzi zuen 1997an:

Soroak aro ona behar dute landu nai baditugu.

Euskeraren soroak ere beren aroa behar.

Noiz izan dute euskera-soroak aro onik?

Galdetu Lekuona jaunari, euskal-lurretan goldea sartu zuanetik zenbat alditan gogortu zioten soroa egoaizeak.

Euskal-lurraren aroa goikoen eskuetan dago.

Agintarien eskuetan.

Lapuebla de Labarkako soroak ere aro ona behar du.

Egungoa ez da batere ona, agerian dago.

Hezkuntza Saila gogor ari da ikastolaren aurka: datorren ikastaldirako 6 gela kendu dizkio, finantzaketak murriztu ditu, BBB-UBIk kontzertazioa ukatu dio...

Ez dakit noiz sartuko duen Buesak bere goldea ASSaren soroan.

Baina sartzen ez duen bitartean, gu ez gaitezke sartu-ez-sartu geratu.

Gaur, guk geurea sartu beharra daukagu.